XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

11. Aipa itzazu koralaren eta aktiniaren arteko antzekotasunak eta ezberdintasunak.

12. Adierazi aktiniek, koralek eta marmokek egiten duten bizitz mota, planktonikoa, nektonikoa edo bentonikoa.

13. Zelenteratuak filumeko izakien ezaugarri morfologiko, fisiologiko eta ekologikoen laburpena egin.

14. Zergatik sartzen da zelenteratuak filuma Animali Erreinuan?.

3.4. MOLUSKUAK FILUMA.

Animalia hauetako gehienak urtarrak badira ere, ur gezatakoak nahiz itsastarrak, gaur egunean espezieen laurdena ingurune lehortarrera moldatuta dago, marraskilo arrunta (baratzetako marraskiloa) eta barea adibidez.

Gorputza biguna dute eta hiru atal bereizten dira: burua, errai-masa eta oina.

- Burua gutxiago ala gehiago garatu eta ezberdindurik egon daiteke, eta horrek bizitz mota higikorra ala geldikorra izatea baldintzatzen du.

- Errai-masa mantuaz estalirik dago.

Mantuak maskorra jariatzen du, honen lodiera, tankera eta konposaketa oso aldakorrak direlarik.

Zefalopodoengan, dagoenean, barne-maskor batera murrizten da.

- Oina masa muskulutsua da, eta Klase ezberdinetako lagunek duten bizimoduaren arabera eraldaketa nabarmenak jasan ditu: Gasteropodoengan sabelaldean kokaturik dago eta lurretik zehar astiro desplazatzeko gaitasuna ematen die.

Pelezipodoengan industeko erabiltzen delako aizkora-itxura hartzen du.

Zefalopodoengan igeriketara moldaturiko organotan eraldatzen da, organook burua inguratzen dutelarik.

Nahiko organo eta aparatu konplexuak agertzen dituzte, eta honako hauek bereiz daitezke: - Liseri-aparatuak bi zulo ditu, ahoa eta uzkia.

Aho-barrunbean erradula izeneko organo birrintzailea aurkitzen da.

Erradulak hortz asko du.

Zefalopodoek erradulaz gainera urratzeko eta ebakitzeko balio duen adarkizko mokoa dute, loro-mokoa alegia.

Liseri-hodiarekin batera liseriketari laguntzen dioten guruinak daude, gibela adibidez.

Pelezipodoek organo murtxikatzailerik ez eta birrintzailerik ere ez dutenez gero, uretan disolbaturik edo esekita dauden izpi txikietaz elikatzen dira, horretarako, egunean milaka litro itsas-ur iragazten dute.

- Arnas aparatua, beste animalia urtarrengan bezala, zakatzez eraturik dago.

- Zirkulazio-aparatu, eskrezio-aparatu, ugal aparatu, mulusku-sistema eta sentimen-organoz hornituriko nerbio-sistema.

Sentimen-organoak Zefalopodoengan oso garatuak daude.

Sexuzko ugalketa dute eta arraultzeak garapen zuzena edo ez-zuzena jasan dezake.

Lehenengo kasuan zelula arraultzea hazi eta desberdindu egiten da animalia heldua eratu arte.

Garapena ez-zuzena denean, zelula arraultzetik hasita larbak sortzen dira, hauek, egoera heldua lortu baino lehen, animalia helduaren antzik ez duten etapa ezberdinetatik pasatzen dira.

Larba-egoera batetik beste batera iragateak gorputz itxura aldatzen du eta organo berrien agerpena eta beste batzuren desagerpena ekartzen du.

Eraldaketa-multzo honi Metamorfosia deritzo.